XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero galderak egiten hasi ziren.

Ea nortzu ziren komandoko kideak, izenak emateko.

Noski, nik ideiarik ez, baina berdin zen, joka jarraitu zuten.

- Eta gero? - Gero, izugarria izan zen, gogoratzen dudan bakoitzean ia-ia zorabiatu egiten naiz, ileak xut jartzen zaizkit, hura izualdia hura!

Urumea ibaiaren ondoko zelaitxo batetara eraman ninduten, oso ezaguna da, udan eta jendeak dendak jartzen ditu bertantxe, Seat 131ren bateria kable batzu konektatu zituzten eta hemen, bekokietan, eta belarrondoetan jarri zizkidaten, berriro galdera gehiago egiten zidaten bitartean.

- Eta zer sentitzen zenuen? - Zer sentitzen nuen? Ez dakit nola esan, ezin dut hitzez azaldu, benetan gogorra izan zen, laburra izanagatik segundu bakoitza jasangaitza zitzaidan, hantxe bertan akabatuko nindutela uste nuen, basati horiek!...

-Eta ondoren? - Beste goardia batek jostorratz bat berotu zuen bere metxeroaz, gori-gori jarri arte eta eskua zulatu zidaten, begira, hauxe da, ezkerra, oraino aztarrenak ditut...

- Eta galdetzen jarraitzen zuten bitartean... - Bai, etengabe, baina galderak erabat funskabeak ziren, eta haiek bazekiten, ene aburuz dibertitzeko edo egin zuten, sadiko zoroak besterik ez dira...

- Gero aske utzi zintuzten? - Bai, halaxe da, diruzorroa itzuli zidaten, baina dirurik gabe, hiru mila pezeta ohostu zizkidaten eta Gabonetarako nituen zozketa eta loteria-txartel batzu diruzorroan zeuden, (...).